Hezkuntzako lehenengo etapetako, alegia, haurtzaindegi eta haur hezkuntzako alderdirik garrantzitsuenetako bat psikomotrizitatearen garapena da. Adieretako baten arabera, psikomotrizitatea mugimen-funtzioen eta funtzio psikikoen integrazioa da.

Haurrek, helduek bezalaxe, berezko beharra dute beste pertsonekin harreman sozialak ezartzeko. Psikomotrizitate hezigarriak garapen horretan laguntzen die, bereziki, lotsatiak badira edo segurtasunik ez badute; izan ere, diziplina honen bitartez komunikatzeko dituzten gaitasunak garatzen dituzte eta horrek haiengan eta besteengan duten konfiantza hobetzen dute.

ZER DA PSIKOMOTRIZITATE HEZIGARRIA?

Hezkuntzaren esparruan, psikomotrizitatea diziplina bat da, txikienen garapen pertsonalari laguntzen diona. Haurrek ekintza eta mugimenduen bitartez adierazten dituzte sentimendu, beldur eta nahiak: haien gorputz-hizkuntza hitzak baino adierazkorragoak dira.

Hitzaren etimologiak adierazten duen bezala, psikomotrizitateak hazteko prozesuaren bi oinarrizko alderdiri eragiten die: mugimenduari eta adimenari. Bestela esanda, txikienek hainbat gauza egiten dituzte jarduera eta jolasen bidez: haien gorputza ezagutzen dute, emozioak adierazten dituzte, ingurua arakatu eta ikertzen dute, besteekin komunikatzen dira, egoera gatazkatsuak gainditzen ikasten dute, haien beldurrak ezagutu eta gainditzen dituzte, sormenari bide ematen diote eta taldean jolasteaz gozatzen dute

PSIKOMOTRIZITATEA NEVERS IKASTETXEAN

Garapen psikikoa eta motorra estimulazio goiztiarrerako dugun programaren baitan jorratzen ditugu. Metodologia horren bitartez, eta geure ikasleek haien garapenean heldutasun handiagoa lor dezaten, hainbat gaitasun indartzen ditugu: pertzepzio-gaitasuna, gaitasun motorrak, kognitiboak, linguistikoak eta sozialak.

Hori guztia Durangon dugun ikastetxean eramaten dugu aurrera, programa motorraren bitartez. Programa hori egunero modu mailakatu eta egituratuan mamitzen da, beste programa batzuekin batera: Bit Entziklopedikoen Programa; Musika Programa; Matematika Programa.

HAURREN PSIKOMOTRIZITATEAREN ONURAK

Haurren psikomotrizitateak zuzenean eragiten die garapen intelektualari, afektiboari eta sozialari. Beraz, txikienek pertsona gisa garatzeko behar dituzten gaitasunak eskuratzen dituzte, bai maila akademikoan bai maila pertsonalean.

  • Maila motorrean. Gorputzaren mugimenduak, oreka eta koordinazio motorra menderatzen ikasten dute.
  • Maila kognitiboan. Oroimena, sormena, arreta eta kontzentrazioa hobetzen dira.
  • Maila sozial eta afektiboan. Haien buruarengan eta gaitasunengan duten konfiantza garatzen dute, haien beldurrak ezagutzen eta haiei aurre egiten ikasten dute, eta baita besteekin harremanak izaten eta emozioak eta sentimenduak adierazten ere.

Gaur egun bereziki beharrezkoa da psikomotrizitatea ikasgeletan. Txikienek gailu digitalak erabiltzen dituztenez, bizitzako lehenengo urteetan bereziki hain ezinbestekoak diren gorputz-esperientzietatik urruntzen ari dira.

Iruzkin bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude