Gabonak bueltan dira eta familia askorentzat, etxeko txikienentzako opariak erosteko uneak inflexio puntu bat suposatzen du. Zer eskatu diezaiokegu aurten Olentzerori? Zer behar dute? Zer etorriko litzaieke ondo?
Ez da erreza asmatzea, zalantzarik gabe, baina agian “asmatzea” ez da zailena. Agian “kontzientziatzea” zailagoa da.
Egun hauetan haurrek ilusio handia sentitzen dute gabonetan ekarriko dizkieten opariengatik eta, aukeraz betetako katalogo baten aurrean, oso zaila egiten zaie gauza bakar bat aukeratzea. Horregatik, komeni da aldez aurretik gogoeta egitea eta Gabonetako opariak aukeratzeko orduan “muga” batzuk ezartzea.
1 – Eskatuko dituzten jostailuen kopurua mugatzea
Olentzerok opariz betetako zaku bat darama, haur guztien artean banatu beharrekoa. Hainbeste pisatzen du, lagundu egin behar diogula. Opari bat nahikoa da. Horrela, Olentzerok opariak izango ditu guztiontzat.
Hori gogoan, Olentzeroren gutuna prestatzerakoan, baldintza hori jar diezaiekegu. Jostailu bat nahikoa da.
2 – Liburuak, ipuinak, puzzleak, joku kooperatiboak…
Jostailu bat nahiakoa da, baina normala da gertuko senideen etxeetan Olentzerok beste opari bat uztea. Kasu honetan, interesgarria izango litzateke aukera hezitzaileagoa eta bere adinera egokitutakoa izatea. Ipuin edo liburu batekin badator, zirraragarriagoa izango da.
Puzzleak, eskulanak, esperimentazio-jokoak edo mahai-jokoak izan daitezke beste proposamen interesgarri batzuk, hainbat gaitasun sustatzeko edo lagunarteko uneez gozatzeko. Ez dezagun ahaztu haientzat politena eta aberasgarriena famialiarekin kalitatezko denbora pasatzea dela.
3 – Esperientziak familia artean
Beste aukeretako bat, familiarekin partekatzeko esperientzia bat oparitzea izan daiteke: musika kontzertu baterako, antzerkirako, ikuskizun baterako edo beraientzat interesgarria edo zirraragarria izan daitekeen beste jarduera baterako sarrerak.
Zalantzarik gabe, aukera ona izan daiteke “opari materialean” ez erortzeko eta familiarekin edo lagunekin gozatzeko. Partekatutako opari bat askoz baliotsuagoa da, beraien oroimenean iraungo duena.
Garrantzitsuena familian gozatzea eta egun magikoak bizitzea da, maite dugunekin partekatzea.