2020/21 ikasturtearen hasiera ezberdina izango da. Aurten, lehenengo egunaren urduritasunari, ikasgeletara modu seguruan itzultzeko segurtasun- eta higiene-neurri berriak gehitu behar dizkiogu. Irakasle eta ikasleok errutinak berrantolatu eta protokolo berrietara egokitu behar izango ditugu.  Horregatik, oso lagungarri izan daiteke aldez aurreko planifikazio bat egitea.

Ikasgeletara bueltatzeko sei jarraibide

1. Berreskuratu eta entrenatu higiene-ohiturak

Funtsezkoa da haurrak higiene-neurri berrietan entrenatzea. Eskuak garbitzeko, ukondoan eztul egiteko eta aurpegia ahalik eta gutxien ukitzeko ohitura hartu behar dute eta 6 urte baino gehiago badituzte, maskara eramatera ere ohitu beharko dira. Gainera, etxetik irten baino lehen, oso garrantzitsua da haurrek eta gurasoek ikastetxera iristean jarraitu beharreko prebentzio-neurriak elkarrekin birpasatzea.

2. Eguneroko elkarrizketak eta entzute aktiboa

Haurrek, helduek bezala, sentitzen dutena adierazi behar dute eta horretarako, ezinbestekoa da haien beldur eta ezinegonaren berri emateko giro egoki bat sortzea. Aurten, zeharo garrantzitsua izango da emozioak ondo kudeatzea ikasgeletara itzultzerako orduan. Erantzun zintzotasunez haien galderei, adin bakoitzera egokitutako informazio argiarekin. Seguruago sentituko dira.

3. Berreskuratu ordutegiak eta ohiturak

Berreskuratu eskola-ordutegia ahalik eta lasterren, lo egiteko eta jateko errutina bat finkatuz. Horrela, lehenengo egunean, haurrek ez dute horrenbesteko ahalegina egin beharko goiz jaikitzeko.

4. Prestatu eskolako jantziak eta materiala

Probatu eskola-jantziak eta heziketa fisikorako txandalak ikasturtea hasi baino egun batzuk lehenago. Gogoratu haurrak oso azkar hazten direla eta gerta daitekeela jantzien neurriak aldatu behar izatea.

Koaderno eta gainerako eskola-materialari dagokionez, komenigarria da ahalik eta lasterren haien gustuko artikuluak bilatzen hastea. Modu horretan, gauza positiboekin lotuko dituzte eskolako tresna horiek. Utzi dena prest eta txukun klaseak hasi baino egun bat lehenago, presek ez dezaten eskolarako bueltaren egun ederra hondatu.

5. Egunero irakurtzeko errutina

Udan zehar egunero irakurtzeari utzi badiozue, errutina hori berreskuratzea lagungarri izango da haurrek erabateko arreta eta kontzentrazioa eskatzen duten jarduerak egiteko ohitura berriz har dezaten. Gainera, oso dibertigarria izan daiteke egunero minutu batzuk erabiltzea zuen gustuko albisteak edo artikuluak irakurtzeko.

6. Antolatu ikasteko gune egoki bat

Etxeko-lanak egiteko gune egoki eta lasai bat izatea funtsezkoa izango da ikasturte osoan zehar. Gainera, gunea familian antolatzen baduzue eta haurrei txukuntasunari eta garbitasunari buruzko zenbait jarraibide ematen badizkiezue, haien gustuko espazioak ondo zaintzeko garrantzia ulertzen hasiko dira.

Iruzkin bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Déjanos tus datos y te llamaremos.

Pide cita previa para conocer Nevers ikastetxea.






    * Requerido.

    Utzi zure datuak eta deituko dizugu.

    Nevers ikastetxea ezagutzeko aurretiko hitzordua.






      * beharrezkoa.