Geroz eta digitalizatuagoa den mundu honetan, konektatuta eta aldi berean deskonektatuta dagoena, hainbat pertsonek elkartzea eta aurrerapausu bat ematea erabaki dute. Beraien helburua, gailu mugikorren erabilera egokiaz kontzientziatzea eta heztea da. “Altxa Burua” mugimendua, beste asko bezala, tresna horiek adingabeen artean erabiltzearen ondorioek eragindako kezkatik sortu zen eta, orain, Nevers Ikastetxeko familiek pausu bat aurrera eman dute “Altxa Burua Nevers” martxan jarriz, tresna mugikorrak behar bezala erabiltzen laguntzeko eta horretan gidatzeko.
Noiz eta zergatik jarri da martxan “Altxa Burua Nevers”?
“Altxa Burua Nevers” 2023-24 ikasturtean sortu zen. Ikastetxeak antolatutako Miren Rosen formakuntza abiapuntu bezala hartuz, ikastetxeko zuzendaritzak familioi talde eragilea sortzera animatu eta lehen urratsetan lagundu gintuzten. Familia askorentzako hitzaldiek errealitate zaparrada bat suposatu zuten eta mugikorren eta gailu adimendunen erabileraren inguruko egoeraren aurrean begiak zabaldu zizkieten.
Gaur egun, nortzuk osatzen duzue elkartea?
Talde eragilea guraso-talde batek osatzen du. Ia ikasturte guztietako ordezkari bat dago baina LHko eta DBH 1.mailako gurasoek presentzia handiagoa dute.
Zeintzuk dira zuen helburuak?
Hauek dira ezarri ditugun helburu nagusiak:
- Informazioa eta proposamenak haurraren adinera egokitzea.
- Familiak zein haurrak gailu elektronikoen eta pantailen erabilera egokiaz kontzientziatzea eta informatzea.
- Pantailen erabilera murrizten duten aukera desberdinak bilatzea.
- Gailu horiek gehiegi edo/eta kontrolik gabe erabiltzeak dakartzan arriskuen inguruan berri ematea.
- Familien arteko akordioak bultzatzea. Adibidez: gure seme-alabei gailu adimendunen erosketa atzeratzeko.
Aurten egin duzuen eta aurrera eraman duzuen lehen proposamena Neverseko ikasleentzako mahai-jokoen tailer bat antolatzea izan da. Izandako erantzuna espero zenuten?
Harrituta gelditu gara familiek jolas-tailerrean izan duten parte-hartzearekin, harrerarekin eta inplikazioarekin.
Horrelako ekimen gehiago egingo dituzue ikastetxean?
Jakina! Jarduera berriak proposatzeko, familien partetik iradokizunak jasotzeko prest gaude.
Eta gure ikastetxeaz gain, beste zentro edo erakunde batzuekin kolaboraziorik egiten duzue?
Altxa Burua mugimenduekin harremanetan gaude Durango, Bizkaia eta Euskadi mailan. Altxa Burua Durangorekin udal mailako elkarrizketak martxan jarri dira (horien partaide gara), Durango eta inguruko herritar guztiei irekitako ekitaldi eta hitzaldi informatiboak antolatzeko.
Aurretik duzuen lana handia dela imajinatzen dugu. Zerk lagunduko dizue zuen helburuak betetze horretan aurrera egiten?
Familia gehiagoren inplikazioak izugarrizko laguntza suposatuko luke.
Erakunde-mailan, Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa, egoera legez arautzea eta Hezkuntza Ministerioak formatu digitalari buruzko liburuen erabilera handiagoa sustatzea.
