Haurra jaiotzen denetik 3 urte bete arte, asko dira umeek eta familiek bizitzen dituzten erronkak eta lorpenak. Lehen begiradak, totelkak, gorputz-mugimenduak edo elikadura likidotik solidora igarotzea, mugimenduan autonomia eskuratzea, lehen hitzak ahoskatzea edo berdinkideekin bizitzen ikastea… bizitzako lehen etapa hau etengabeko lorpen-prozesu bihurtzen da, eta etapa honek haurrari bidea irekitzen dio ikaskuntza berri eta garrantzitsuak eskuratzeko. 

3 urtera jauzia

2-3 urteko etapa oso esanguratsua da hizkuntzaren garapenari, norberaren identitateari, autonomiari eta txikienen sozializazioari dagokienez. Haurrak independentzia handiagoa lortzen duen garaia da eta bere nortasuna baieztatzeko beharra sentitzen du. Horregatik agertzen dira helduarekiko lehen jarrera eta erantzun desafiatzaile horiek.

Emozioz kargatutako etapa da, baina ezinbestekoa haurrak bere nortasuna eraikitzeko.

Ez dezagun guk egin eurek egin dezaketen hori

Erraza dirudi, baina askotan ez da horren sinplea: gure seme-alaben autonomia bultzatzea gugan hasten da, helduongan. Haur batek edalontzitik edan nahi duenean, oinetakoak bere kabuz jantzi, mahaiko tresnekin laguntzarik gabe jan edo komunera heldurik gabe joan… berak bakarrik saiatu nahi duelako da. Hasierako aldietan dena lurrera erortzea, zapata jartzea lortzen ez duelako negar egitea edo komunetik kanpo pixa egitea gertatu daiteke; baina bere kabuz egiteko gogoa da arrakastara eramango duen motorra. Zergatik ez diegu laguntzen?

Interes hori erakusten dutenean, lagundu eta animatu egin behar ditugu, saiatzera anima daitezen eta ez dezaten amore eman. Autonomoak izateak beraien buruarengan konfiantza handiagoa izaten eta autoestimua sendotzen laguntzen die.

Zer egin diezaiekegu autonomoak izan daitezen laguntzeko?

  • Errutina eta muga argiak ezarri. Horiek erreferentzia-marko segurua eta antolatua sortu eta beraien kabuz erabaki hobeak hartzen laguntzen diete.
  • Erabakiak hartzen uztea. Ez dituzte guztiak hartu behar, baina bai erabiki txikiak aukera desberdinen artean: zer arropa jantzi, postrerako zer jan…
  • Ardura txikiak ematea. Erosketa-orgatxoa eramatea, mahaia jartzea, landareak ureztatzea… zerbaiten parte sentituko dira eta beraien konfiantza indartuko dute.
  • Ingurunea egokitzea. Hortzetako eskuila, arropa edo jostailuak beraien eskura egotea, horiek hartzeko helduaren beharrik izan gabe.
  • Pazientzia eta indartze positiboa. Horiek beraien konfiantza indartu eta beste aurrerapauso batzuk egitera anima­tuko dituzte.

Joko indibidualetik joko sozialera

Bi urteak igaro ondoren, haurrak pixkanaka joko indibiduala alde batera uzten hasten dira, eta jolas sozial eta kooperatiboetan interesa erakusten dute. Sozializazioaren etapa da, eta denek ez badute une berean eskuratzen ere, 2-3 urteren bueltan lagunartean denbora gehiago pasatzeko gogoa izaten hasten dira.

Adin berekoekin harreman estuagoa izaten hasten diren etapa honetan, funtsezkoa da lotura afektibo osasuntsuak ezartzea; horretarako ezinbestekoak dira elkarbizitza-arauak. Errespetua, enpatia, lankidetza eta elkartasuna bezalako balioak sozializazioaren hasieratik heldutasunera arte landuko dituzte; beraz, oinarri sendoa jartzea garrantzitsua da, elkarrekin modu harmonikoan eta errespetuz bizitzen ikas dezaten.

Zer egin diezaiekegu modu positiboan sozializatzen laguntzeko?

  • Komunikazioa eta enpatia sustatu. Sentimenduei eta emozioei buruz hitz egitea da autoerregulazio emozionala garatzeko eta besteen lekuan jartzen ikasteko biderik onena.
  • Eredu izan. Umeek ikusten dutena ikasten dute, batez ere gurasoengandik.
  • Gizarte-trebetasunak lantzea. Agurtzea, laguntzea, partekatzea edo adeitsu izatea… txikienek helduengandik ikasten dituzte.
  • Talde-lana sustatzea. Besteekin elkarlanean aritzen, partekatzen eta eskuzabal izaten ikasteak taldean lan egiteko gaitasuna emango die eta taldearen ongizatea zaintzera bultzatuko ditu.
  • Gatazken konponbidea lantzea. Gatazkak ikasteko aukerak dira. Gatazkak era zuzen eta enpatikoan konpontzen irakasteak sozializazio osasuntsua bermatzeko oinarriak jarriko ditu.

Déjanos tus datos y te llamaremos.

Pide cita previa para conocer Nevers ikastetxea.






    * Requerido.

    Utzi zure datuak eta deituko dizugu.

    Nevers ikastetxea ezagutzeko aurretiko hitzordua.






      * beharrezkoa.