Gaur egun kirolak izugarrizko presentzia dauka gure egunerokotasunean. Aditu askok adierazten duten bezala, kirola egitea ezinbestekoa da osasuntsu egoteko. Honek hainbat onura ditu gizakiarentzat, hala nola, gorputz osasuntsu bat izaten laguntzeaz gain, osasun mentalarekin ere lotura zuzena duelako. Baina, ba al dakigu zer den kirola eta zeintzuk diren pertsonengan dituen onurak?
Kirola. Zer da eta ze onura eskaintzen ditu?
Kirola egoera fisikoa edota errendimendua hobetzeko helburuarekin egiten den eta ahalegin fisikoa eta trebetasuna eskatzen duen edozein jarduera da. Osasuna eta ongizate fisikoa sustatzeaz gain, trebetasun sozialak eta hainbat balore ere garatzen dira kirola eginez, adibidez, diziplina, talde-lana, errespetua, enpatia, etab.
Nevers Ikastetxean Gorputz Hezkuntzako saioak hezkuntzako hainbat edukiekin lotzen dira ikasle guztien garapen integrala lortzeko asmoarekin (betiere hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak kontuan izanez). Ikasleek mugimenduan ikasten dutenean, lotura mental sendoagoak sortzen dituzte ikasketa erraztuz eta adierazgarriagoa bihurtuz. Horrez gain, askatasunean mugitzeak, besteenganako komunikazioa ahalbidetzen eta hobetzen du. Horrela, ikasleek gaitasun sozialak ere indartzen dituzte, talde kohesioa ahalbidetuz.
Nevers ikastetxeko kirol eskaintza
Nevers Ikastetxeko ikasle guztiek bizitzarako ezinbestekoak diren gaitasun hauek bereganatzen dituzte bertan jasotzen duten kirol eskaintzari esker. Izan ere, umeak txikitatik hasten dira gorputza mugitzen, Haur Hezkuntzako etapatik hain zuzen ere. Eskolako txikienek, eskola orduetan landutako psikomotrizitate saioez gain, ikastorduetatik kanpo psikomotrizitate saioak gauzatzeko aukera ere badute bertako irakasleekin. Saio horietan, umeen garapen orokorra bultzatzen da, gaitasun fisiko (gorputz-eskema, garapen motorra, psikomotrizitate fina eta koordinazioa) zein psikologikoena (garapen kognitiboa, hizkuntza eta komunikazio gaitasuna, emozioen erregulazioa eta garapen soziala).
Lehen Hezkuntzan ere, eskolaz kanpoko ekintza motorrek garrantzi izugarria daukate. Eguerdi zein arratsaldetan, ekintza desberdinak antolatzen dira: HEZIKI, saskibaloia, futbola…
Horretaz gain, Nevers Ikastetxeko eskola kirola bultzatzeko eta indartzeko asmoarekin, zentroko irakasleek igandeetan futboleko eta saskibaloiko teknifikazio saioak eskaintzen dituzte. Teknifikazio saio horiei amaiera emateko, Durango osora zabaltzen den futboleko eta saskibaloiko 3×3 txapelketa egiten da HH5 eta DBH4 bitarteko ikasle guztientzat. Aipatu bezala, txapelketa hau eskola kirola sustatzeko sortua izan da, Durangoko 5-16 adin tarteko neska-mutil guztiek kirol festa izango den egunaz gozatu dezaten. Gainera, herriko gazteen arteko harremanak indartzea eta piztea nahi da ere, kirolak duen indarraz ahalbidetuz.
Zalantzak eta galderak
Ekintza hauek proposatutakoan, gurasoek hainbat galdera planteatu dituzte; ez al dira oso txikiak 5 urtekoak kirol ekintza horietan parte hartzeko? Nire txikiak ez du interesik jartzen horrelako ekintzetan, nola animatu dezaket? Galdera guzti horiek erantzun bakarra dute Neversen: haurtzaroan kirola joko baten antzera azaltzen da, eta bertan mugimenduan jolasten da. Txikitan, haur guztiek adierazten dute jolasteko grina, beraz, haurraren gustukoa den jolasa eskaintzea izango da irakasleon betebeharra. Era honetan, haurrari mugitzeko eta kirola egiteko nahia piztuko zaio, aurretik egindako jolas horiekin izan dituen esperientzia positiboak gogoan izanda.
Amaitzeko, esan beharra dago kirola eta osasun fisikoa funtsezko zutabeak direla haur guztien garapen integralean. Jarduera horiek ongizate fisikoa sustatzeaz gain, autoestimua, diziplina eta gizarteratzea ere indartzen dute. Testuinguru hezitzailean, kirolak, trebetasun motorrak irakasteaz gain, talde-lana, erresilientzia eta errespetua bezalako balioak ere sustatzen ditu besteak beste.